joseba imaz

Pedro Mari Alberdi, LASALLETAR MISIOLARIA
"Afrikarrei laga behar diegu Afrika altxatzen; ziur asko gaizki pasako dute,
baina lortuko dute"
Pedro Mari Alberdi lasalletar misiolariak Manos Unidas elkartearen
kanpainarekin egin du bat aste honetan, urtetan zehar egindako lanaren berri
eman eta bere erreflexioak plazaratzeko. 1981etik iaz arte Afrikan bizi izan da
eta ongi daki hango beharrizanen berri
donostia. Pasioz hitz egiten
du Alberdik Afrikari buruz. Izan ere, La Salleko misiolari moduan 28 urte pasa
ditu Benin, Togo eta Boli Kostan (Costa de Marfil, gaztelaniaz), hala nola.
Hainbat lanbide eskola fundatu eta gidatu ditu ibilbide horretan guztian.
Goseteak, gerrak eta txirotasuna bertatik bertara ezagutu ditu.
Zein itxura du goseak?
Aurpegi tristea du beti. Bizirautea bihurtzen da lehen balorea: elika-tzea.
Zazpi urtetik 28 urtera arteko ikasleak izan ditut Boli Kostan, munduko kakao
ekoizle garrantzitsuenean; baina txokolatea ez dute ezagutu ere egiten. Gure
neska-mutilek ez zuten jaten ez goizean, ez eguerdian. Gauean egiten zuten
otordua: ahal zutena. Eta Boli Kosta ez da azkena garapenaren zerrendan!
Sailkapenean 166.a da; beraz, askoz okerrago dagoen lekurik bada. Lau
bolikostarretik hiruk ez du otordu bat baino gehiago egiten egunean.
Goseak gazteei eragiten al die bereziki?
Hanka ihar-iharrak, argalak dauzkate. Askotan gaitzak harrapatzen dituzte:
paludismoa, anemia... Janaririk ez, indarrik ez... Gaitz denak berarekin
eramaten dituzte. Biziraupena elkartasunaren aurkakoa da. Biziraun beharrak
egoismoa dakar berekin.
Gudak, aldaketa klimatikoa, krisia... Egoera hobetu ala okertu egin da
azken urteetan?
Larriena hori da: orain behartsuagoak dira lehen baino. Herritarren %45 edo
gehiago txirotasun mailatik behera daude. Eta egoera okerragoa da herri
txikietan. Hor jendea gosez hiltzen da.
Zaila al da gose den jendea ikasketetara bideratzea?
Zer jango dut? Hori izaten da buruan duten galdera. Eskola oso modernoak
ditugu. Elektronika, elektrizitatea, soldadura, hotza eta klimatizazioa,
iturgintza... eta informatika ere bai. Baina familia pobrekoak izaten dira;
gurasoak, analfabetoak; eta kalean gaizki tratatzen dituzte. Eskolatik irtetzen
direnean arazoa non lan egin izaten da. Hango baliabideak oso murritzak dira:
industriarik ez dago, gerrak dena hondatu du eta kanpoko enpresak joan egin
dira. Oraindik gaizki dabiltza politika gaietan. Jendeak autoestima izan dezan
saiatzen gara.
Txirotasunak emakume aurpegia duela esan ohi da.
Emakumeak ez du ezer balio han. Gure asmoa mentalitate hori alda-tzea da.
Gizonak matxistak dira. Haientzat emakumeek ez dute balio umeak egiteko eta
lanerako besterik.
Gosearen eta injustizien aurkako borroka txanpon beraren bi aurpegi al
dira?
Baietz uste dut. Pobreak beti galtzen ateratzen dira. Ez dago hango semerik
bere herria jasotzeko bihotza daukanik. Ez naiz eszeptikoa! Afrika ederra da,
gogorra da, baina esperantza badu. Ikusi bestela nola Amerikako Estatu Batuetako
(AEB) lehendakaritza hartu duen Obamak. Begira nola aldatu zituen AEBak Martin
Luther Kingek. Hor da, baita ere, Nelson Mandela. Horrelako jendea falta da
Afrikan, ondo formatutako liderrak. Formaziorik ez bada garatzen, artalde bat
izango dira. Hezkuntza jasoz gero, espiritu kritikoa etorriko da. Gu sartzen
bagara, zeozer egingo dugu, baina ez dena. Haiei laga behar diegu; gaizki pasako
dute, baina egun batean altxatuko dira.
Itxaropenik badago, beraz, Afrikarentzat?
Ni joan nintzenean, dena sorpresa zen. Egunetik egunera hango kontu politak
ikusten nituen. Handik bi urtera, zuloak nabaritzen hasi nintzen. Baina denbora
askoren ondoren, desanimoa etortzen da. "Hemen ez dago zereginik", pentsatzen
duzu. Pedro Arranbidek esaten du Afrikari ematen zaion laguntasuna ihesa daukan
gaixo bati aspirina bat ematea bezala dela. Eta hala ere, segi beharra dago. Gu
Jainkoaren izenean joaten gara, zerbitzu bat eskaintzera; bestela, bueltatu
egingo ginen.
Aurrerapen handirik ez ikusteak nekea sortzen al du?
Desanimoa eragiten du. Horrenbeste lan egin, egoismorik gabe, eta gero
ikusten duzu askotan gure ikasleak kalera joaten direnean berriz hondatzen
direla. Hango bizimodu horrek, egoismo horrek, tristura sortzen du. "El
cansancio de los buenos" deitzen diote horri. Afrika ederra da, bizia, alaia,
beti dantzan, beti errezatzen. Eta lana? Gutxi. Hasieran bakarrik, gero gutxiago
eta amaieran bat ere ez.
Nola aurre egin egoera horri?
Ebanjelizazioa garapenerako da gure lema. Gure ustez, kristautasuna da
programa onena hango bizirako, formazio sendo batekin, beti ere. Konturatzen ari
gara bertako lasalletarrek ez dutela indarrik ez ekimenik ardurarako. Ni gaixotu
naiz, adibidez. Ikusi dugu beren erritmoan joan behar garela. Lagundu egin behar
diegu, baina bertakoek aldatu behar dute Afrika.
Afrika hitza esatean irribarretxo bat egiten duzu.
Asko maite dut. Maitasuna dagoenean, beti sufrimendu handia dago. Nik hori
ikusi dut Afrikan. Hiltzen ikusi dut, gerra pasa dut, emakumeak eta umeak
lurrean belauniko ikusi ditut laguntza eske... Eta hori ikustean pentsatzen duzu
berdintasuna behar dela, ezin dutela esklabu izaten jarraitu.
(http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2009/02/08/sociedad/gipuzkoa/d08gip10.1409475.php) |